_
_
_
_
_
Entrevista:IBAN ZALDUA | Idazlea eta Euskadi Sariaren irabazlea | Gaiak

"Literatura gaixotasuna da niretzat"

Iban Zalduak bekatu mortalean ekin zion idazteari, zientzia fikzioa eta plagioaren makuluaz. Literaturaren bide malkartsuan gora egin ahala, donostiarrak gaztetako erruak emendatu eta idaztearen "debozioa"ri jarraitu dio buru-belarri.

Galdera. Etorkizunak Euskadi Saria ekarri dizu. Zientzia fikziozko titularra dirudi...

Erantzuna. Bai, baina normalean, zientzia fikziozko nobeletan etorkizuna txarrerako izaten da.

G. Ez duzu ukatuko zientzia fikzioak Euskadi Saria eskuratu dizun ipuin-bilduma horretan duen pisua, ezta?

E. Zientzia fikzioa izan zen nire eskola. Idazle bezala egin nuen lehen lana zientzia fikziozko ipuinak plagiatzea izan zen. Zientzia fikzioak duen fama txarraren haritik, bigarren mailako literaturatzat jo izan baita, egia da batzuetan lotsatu egin nauela nire formazio literario eskas horrek. Baina orain galdu egin dut lotsa hori eta askoz ere naturaltasun handiagoarekin txertatzen ditut zientzia fikzio tanta batzuk ipuin batzuetan. Azken urteotan, asko liluratu nau Chejov eta Carver-en ipuinetako errealismoak, eta liburu honetan badaude ildo horretara hurbiltzeko ahaleginak ere.

"Teknikaren eta kapitalismoaren garapenak izutzen nau, eta kezkatzeko modukoa iruditzen zait nola higatzen ari den harremanen mundua"
Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete
"Bizitzaren absurduari aurre egiteko bide ezberdinak daude literaturan; nik ironia hautatu dut absurdua bere neurrian emateko"
"Euskal kultura ironia dosi batzuez tratatzea, agonismoa eta epika gastatu guztiak alde batera utzita, oso osasuntsua izan daiteke"
"Eleberriak gaur egun letren munduan duen ustezko nagusitasun hori piska bat artifiziosoa iruditzen zait"

G. Egunerokotasuna da Etorkizuna liburuaren beste osagai bat. Zer da gehien asaldatzen zaituena egunerokotasun horretatik?

E. Alde batetik, teknikaren eta kapitalismoaren garapenak nora garamatzan ikusteak izutu egiten nau. Eta bizitzak aurrera egiten duen heinean, kezkatzeko modukoa iruditzen zait nola higatzen den harremanen mundua, zer leku txiki eta eskasa duen honelako testuinguru sozial, ekonomiko eta politiko batean.

G. Testu batzuetan, absurduarekin jolasten duzu. Gizakiaren berezko ezaugarria dela uste al duzu?

E. Bai, dudarik gabe, eta idazle askok nabarmendu dute hori. Agian, Kafka izan zen horretaz hobekien aritu zirenetakoa. Bizitzaren absurduari aurre egiteko literaturan bide ezberdinak daude, eta nik ikuspegi ironikoa hautatu dut askotan absurdu hori bere neurrian emateko.

G. Errealitateari ipurdia mugiarazteko akuilua bezala...

E. Hori irakurlearen kontua da. Irakurlearena ere bai, noski, ondo egiten ez badugu ez baitago mugituko den ipurdirik. Baina gero irakurleak ere kolaboratu behar du.

G. Hitz horietatik -absurdua, ironia, egunerokotasuna eta zientzia fikzioa- zein erabiliko zenuke euskal kulturaren egoera deskribatzeko?

E. Batzuetan mingarriena suertatzen den arren, irakurketa ironikoa. Absurdua gehiegizkoa litzateke. Egoera absurduak ematen diren arren, makina gehiegi bortxatzea izango litzateke. Azken batean kultura txikia da gurea eta badaude benetan larritzat jotzeko moduko beste arazo batzuk. Nik uste dut ironia dosi batzuez tratatzea, agonismoa eta epika gastatu hori alde batera utzita, oso osasuntsua dela. Hori da nire ikuspegia, baina agian ezin zaio jende guztiari gomendatu.

G. Zein hitz erabiliko zenuke oraingo une politikoa deskribatzeko?

E. Hitz horiek agian ez. Orain halako impasse batean gaude eta zaila da jakitea norantz joko duen. Marxek esaten zuen historia tragedia bezala errepikatzen dela lehendabizi, eta hurrengoan fartsa bezala. Batzuetan, pesimista esnatzen naizen egunetan, kutsu hori hartzen diot. Nik uste dut gehienok esperoan gaudela. Agian horixe da hitza: esperoan.

G. Saria 40 urte, zortzi hilabete eta bi egun bete dituzun egunean iritsi zaizu. Modu ezin hobea 40etako krisiari aurre egiteko, ezta?

E. Zorionez, nik ez daukat horrelakorik. Aitzitik, ospakizun bat egin nahi nuen lagunekin, eta seguru aski urtea amaitu aurretik egingo dugu. Adinaren kontu honetan, idazle gazteen artekotzat jotzen nautenean, barregura sortzen zait, gazte txartela duela urte asko bukatu zitzaidalako.

G. Sari honek nobelara behin-betiko jauzi egitera animatuko zaitu?

E. Egia esan, ez dut halako premiarik sentitzen, eta ez dakit zergatik honek eman behar didan. Nobelara salto egiteko beste zerbait handiago gertatu beharko litzaidake: aldaketa genetiko bat jasan, tximista baten kolpea jaso edo horrelako zerbait. Gaztelaniaz badaukat nobela bat argitaratuta [Si Sabino viviría], eta euskarazkoa heltzen bada, helduko da. Erronka betetzearen ikuspuntutik, nik badaukat erronka beteta, erronkarik baldin baneukan. Ni beti izan naiz ipuin-idazlea, eta ez dut inoiz sentitu hori zubi bat zenik beste genero batera salto egiteko. Gainera, nobelak letren munduan duen ustezko nagusigo hori piska bat artifiziosoa dela iruditzen zait.

G. Askotan, askatasuna hitza erabili duzu ipuingintzaren bereizgarritzat.

E. Hitz asko lotu daitezke ipuinarekin. Zalantzarik gabe, nobelak baino askatasun handiagoa ematen dizu berritzeko, esperimentatzeko, eta jolasteko ere bai, baina beti kontutan hartuta literatura oso jolas serioa dela, Vilá Matasek esaten zuen bezala. Hala ere, nik beste hitz bat gehituko nuke: biribiltasuna, edo esferikotasuna, Julio Cortazarrek zioen bezala. Hori da, behintzat, ahaleginaren helburua; beste gauza bat da, noski, lortzen duzun ala ez.

G. Zer da zuretzat literatura: afizioa, ofizioa, debozioa, bokazioa, ala zio hutsa...?

E. Nire kasuan ofizioa ez, afizioa ere ez... Eta bokazioa fuertexegia iruditzen zait, komentu batean zaudela ematen baitu, Baina bai debozioa, eta bereziki debozioarekin zer ikusia duen beste hitz bat: niretzat, literatura gaixotasun bat da.

G. Eta zer erremedio berri probatzen ari zara zure gaixotasun horretarako?

E. Betiko botika koktelarekin jarraitzen dut, ipuinak irakurtzen eta ipuinak idazten eta metatzen. Horietako batzuek agian ez dute argia ikusiko, eta beste batzuk nik oraindik ikusten ez dudan liburu hipotetiko bat osatuz joango dira. Utzi egin behar zaie ipuinei beren bidea egin dezaten.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_